Next Euskadi programaren diseinuan beste pauso bat eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek. Hain zuzen, eskaera luzatu dute zuzenean kudeatu ahal izateko SEM dirulaguntzetan oraindik egikaritu ez diren 1.047 milioi euroak. Bestela esanda, funts horiek kudeatzeko orain arte erabilitako gobernantza-formula aldatzea da nahi dutena.
Laguntza horiek egikaritzeko epea 2026an bukatzen da, eta Espania guztirako ezarritako 11.792 milioi euro egikaritu gabe daude oraindik, funtsen %65, hain zuzen. EAEko industriaren balio erantsi gordinak espainiar estatuan duen pisua aintzat hartuta, horien %8,8 inguru dagozkie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari, eta orain arte parte nagusia Madrilgo gobernuak kudeatu du. Aitzitik, eskura jarritako diru guztia ez erabiltzeak ekar dezake erabili ez dena Europari itzultzea. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren hitzetan "dimentsio historikoetako porrota eta aukera-galera litzateke hori”. Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak nabarmendu duenez, “kudeaketa ‘deszentralizatuagoa eta hurbilekoagoa’ izatea bide gehigarria izan daiteke Europako laguntza horiek erabat balia daitezen bultzatzeko, zenbatekoan eta helburu eraldatzailean historikoak baitira".