Euskal angulak azkenekoz

Europak debekatu egin du angulen aisialdiko arrantza, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten dena

Angulak platerean | Argazkia: iStock Angulak platerean | Argazkia: iStock

Azken egunotan Bruselatik etorri da euskal angulazaleek kezka handiz espero zuten berria: Europak azkenean debekatu egingo du aingiraren eta angularen aisialdiko arrantza eta mugatu egingo du arrantza profesionala, aingura europarra desagertzear dagoela iritzita. Debekuak bete-betean eragingo die euskal angulazaleei, Bizkaian eta Gipuzkoan angulatan aritzen direnak ez baitira profesionalak, aisialdiko arrantzarako baimena dute soilik. San Sebastian bezperan, ohiturari eutsiz, angulak afalduko dituzte gaur gipuzkoar bat baino gehiagok. Prezio altua izan da orain arte kontsumitzaileen kezka nagusia, baina euskal angulazaleen arrantza debekatuta, azkenak ote aurtengo angulak? Merkatuetan lasaitasun mezua zabaldu dute, hemen saltzen diren angulak kanpotik ekarriak izaten baitira.

Ezin ukatu, ordea, Europako Batzordeak hartu berri duen neurriak hankaz gora jarri duela angularen tradizioa Euskal Herrian. Bizkaiko eta Gipuzkoako angularen arrantza erabat aisialdikoa izaten da, eta ez dago arrantza profesionalerako baimen bakar bat ere. Angulatan aritzeko bi modalitate daude: ontzitik edo lehorretik. Ontzitik aritzen direnentzat neurria urtarrilaren 8an amaitu zen, eta lehorretik aritzekoa urtarrilaren 31ra arte egongo da indarrean. Otsailetik aurrera, beraz, printzipioz, ezingo dute euskal angulazaleek angularik arrantzatu. Hala ere, Bruselako erabakia oraindik argitaratu gabe dagoenez, asteotan oraindik arrantzatzen jarraitu ahal izango dute, argitaratu bitartean.

Angularen aisialdiko arrantza debekatzea ez da Europako Batzordeak espezieari lotuta hartu duen erabaki bakarra izan, arrantza profesionala ere hiru hilabetera murriztuko baitu, azarotik urtarrilera, hain zuzen ere.

Tradizioa galtzear

Duela bi urte sortu zen Euskadiko Anguleroen Elkartea, espero zutelako Europatik azkenean iritsi den debekua. Orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzari arrantza profesionalaren baimena emateko eskatuz dihardute, baina oraindik ez dute halakorik lortu. Europakoa etorrita, berriro egin dute eskaera, bestela ezingo dutelako arrantzan jarraitu. Kezka handiz daude angulazaleak baimenaren zain: “Baimen profesionala lortu ezean, orain arte ezagutu den arrantza tradizionala galdu egingo da”, dio Unai Eizagirre Euskadiko Anguleroen Elkarteko presidenteak.

Unai Eizagirre: “Baimen profesionala lortu ezean, orain arte ezagutu den arrantza tradizionala galdu egingo da”

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak ez du aisialdiko lizentzia horiek baimen profesional bihurtzeko asmorik, “orain arte ez delako halakorik egon”, baina, batez ere, “angularen etorkizuna bermatu nahi” duelako. Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, angulazaleek beraiek eman beharko lukete profesionalizatzeko pausoa.

“Aurten hego haizea ibili da eta hori ez da batere ona angulentzat. Ontzitik aritzen direnek apenas harrapatu dute ezer aurten, eguraldiarengatik. Lehorretik aritzen direnek, berriz, zorte hobea izan dute eta hilabete amaierara bitarte egun onak izatea espero dute”

Une honetan 700 pertsonak dute Euskadin aisialdiko arrantzarako lizentzia, 660k lehorrean arrantzatzeko, eta 34k ontzitik arrantzatzeko; eta gehienak Orian (177), Plentzia/Gorlizen (169) eta Deban (162). Anguleroen elkartetik azaldu dutenez, lizentzia ez da nahikoa, anguletarako baldintza oso bereziak behar dira: “Aurten hego haizea ibili da eta hori ez da batere ona angulentzat. Ontzitik aritzen direnek apenas harrapatu dute ezer aurten, eguraldiarengatik. Lehorretik aritzen direnek, berriz, zorte hobea izan dute eta hilabete amaierara bitarte egun onak izatea espero dute”.

Orain arte angula arrantzatzeko izan dituzten neurri murriztaileak ere azaldu dituzte Elkartean: “Lizentziako eta eguneko ezin izan ditugu bi kilo angula baino gehiago arrantzatu. Saldu ere ez, norbere kontsumorako soilik izan dugu baimena”.

Euskal arraindegietan dauden angulak kanpotik ekarritakoak izaten dira, Espainiatik (Galizia eta Asturias, bereziki) eta Frantziatik, arrantza profesionalaren bidez arrantzatuak

Horrek beste galdera bat sor lezake: merkatuan izango al da angularik? Arraindegietan jakitera eman dutenez, euskal angulazaleen angulak norbere kontsumorako soilik izan ohi dira eta inolaz ere ezin daitezke merkatuan aurkitu. Euskal arraindegietan dauden angulak, beraz, kanpotik ekarritakoak izaten dira, Espainiatik (Galizia eta Asturias, bereziki) eta Frantziatik, arrantza profesionalaren bidez arrantzatuak. Mila euroren bueltan dabiltza egunotan angulak merkatuan, eta halaxe jarraituko dute, debekuak debeku, merkatuko egoerak bere horretan jarraitzen duelako. Bada, angulak izango dira datozen urteetan ere.  

Espezieen zerrenda gorrian

Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak zerrenda gorrian du aingira europarra, desagertzeko arrisku oso larrian dauden espezieen ilaran. Azti ikerketa zentroak eta zenbait ekologista taldek ere urteak daramatzate espeziearen desagertze arriskuaz ohartarazten. Eta datuek ere halaxe diote: duela 30 urte baino %10 angula gutxiago dago orain. Hain zuzen ere, desagertzeko arriskuan egotea da merkatuan hain prezio altua izatearen arrazoietako bat. Gero eta gutxiago daude eta, beraz, gero eta kotizatuago ere bai.

Duela 30 urte baino %10 angula gutxiago dago orain. Desagertzeko arriskuan egotea da merkatuan hain prezio altua izatearen arrazoietako bat. Gero eta gutxiago daude eta, beraz, gero eta kotizatuago ere bai

Angulak nazioarteko merkatuan duen garrantziak are gehiago zailtzen du espeziearen etorkizuna, ohikoa izan baita orain gutxira arte angula kumeak bizirik Asiako herrialdeetara (Txina eta Japonia bereziki) esportatzea, bertan hazi eta aingira heldu bilakatzeko. Gaur egun debekatuta dago, baina legez kanpo oraindik ere praktikak aurrera jarraitzen du.

Euskadiko Anguleroen Elkartearen ustetan, arazoa badago bai, baina ezer gutxi aldatuko luke aisialdiko angularen harrapaketa debekatzeak, arrantza profesionalak jarraitu egingo duelako: “Gipuzkoan eta Bizkaian 850 kilo angula jasotzen ditugu denboraldiko, aisialdiko baimenarekin. Frantzian, aldiz, 65 tona arrantzatzeko baimena dute, arrantza profesionalean. Bitxia iruditzen zaigu fokua gurean jartzea”.

Europako Batzordeak dio aingira europarraren desagerpenaren atzean dauden arrazoien %20 arrantzaren ondoriozkoak izan direla. Anguleroen Elkartean argi dute gainerako %80aren atzean azken aldian errioetan egin diren aldaketak daudela, presa berriek edota hormigoiak eragindakoak. Gauzak honela, kezkagarria iruditzen zaie aisialdiko arrantzan arreta jarri eta halakoei jaramonik egin ez izana.

“Gipuzkoan eta Bizkaian 850 kilo angula jasotzen ditugu denboraldiko, aisialdiko baimenarekin. Frantzian, aldiz, 65 tona arrantzatzeko baimena dute, arrantza profesionalean. Bitxia iruditzen zaigu fokua gurean jartzea”

Elkartean bilera bidez erabaki dute lanean jarraituko dutela, debekuaren aurrean profesional bihurtu ahal izateko, eta orain arte bezala arrantzan jarraitzeko.

Momentuz, behintzat, Gabonetan bezalaxe San Sebastian bezperan ere aisialdi arrantzarako baimena duten angulazaleek beraiek bildutako angulez gozatzeko aukera izango dute. Diotenez, gainera, sasoi honetantxe izaten baitira angularik onenak: koipetsuenak, mamitsuenak eta kurruskarienak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK