Euskaraldian aritutako parte hartzaileen bi herenek aldatu dituzte hizkuntza ohiturak

2022ko edizioan parte hartzaile kopuruak behera egin du, %11,1. Entitate kopuruak, aldiz, gora egin du

Euskaraldiko emaitzen aurkezpena, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Euskaraldia Euskaraldiko emaitzen aurkezpena, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Euskaraldia

Euskaraldiaren III. ariketa kolektiboaren hasieratik hamaika hilabete bete dira atzo. 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra Ari entzun, entzun ari aritu ziren belarriprest zein ahobizi ugari. Zehazki, 158.440 lagunek eman zuten izena, horietatik %77,6k ahobizi gisa, eta %22,4k belarriprest bezala, eta %81,9k aurreko edizioko rol bera hautatuta. Aitzitik, beherakada ikusi da parte hartzaile kopuruan: izen-ematea %11,1 jaitsi da.

Aipatutako datu horiek bildu ditu 2022ko Euskaraldiaren emaitzei buruzko ikerketak, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak gaur goizean Bilbon eginiko agerraldian aurkezturikoak. Beherakada nabariena gazteengan gertatu da, eta generoari erreparatuz gero, gizonezkoengan. Beheraka horrengatik, agian, solaskide zein entitateek uste dute azkeneko edizioaren inpaktua "txikiagoa" izan dela, Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak adierazitakoaren arabera.

Hala ere, Euskaraldia hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa gisa sortu bazen, bere asmoan "eraginkorra" dela nabarmendu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Izan ere, ikerketan biltzen denez, parte hartzaileen bi herenek, "intentsitate ezberdinetan bada ere", hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte. Inguruak, aldiz, eragiten du: zenbat eta inguru euskaldunagoa, orduan eta gehiago aritu euskaraz. Halaber, elebitan izaten diren elkarrizketetan, % 44,7tik %76,5era igo da euskarari eusten diotenen portzentajea, nahiz eta orain arte erdarazko izan direnetan zailtasun gehiago izan dituzten elebitara edo euskarara aldatzeko.

Informazio gehiago Hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia luzatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek

Entitateetatik ere albiste onak datoz. 2022ko edizioan ariguneak indartzeko esfortzu berezia egin zuten Euskaralditik, baita helburua lortu ere: aurreko edizioan baino 301 entitate gehiagok eman zuten izena, guztira 8.610ek, izan elkarte, lantegi edo bestelako erakunde. Dena den, badira aldeak: 10 entitatetik 5 —%56,9— euskaldunak %50 baino gehiago diren gune soziolinguistikoetako udalerrietan kokatzen dira. Ariketaren eraginari erreparatuta, harreman-mota guztietan —entitate barne zein kanpokoak— Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera-datuak ariketa egin aurrekoak baino hobeak dira, eta horren ostean ere aurretik baino altuagoak dira —4 eta 7 puntu bitarte—.

Gisa berean, ariketan sumatutakoa ikerketak baieztatu egin duela nabarmendu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak: “ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu" dela. Ez soilik Euskaraldia gizartean "ezaguna" dela erakusten duelako. Baita ahobizi eta belarriprest rolak geroz eta gutxiago identifikatzen direlako norberaren hizketaldi gaitasunarekin, eta geroz eta gehiago jokaerarekin. Ikerketaren arabera, %60,2k lotzen ditu rola eta jokaera. Ariguneen funtzionamendua, bestalde, "ondo ulertu dela" nabarmendu dute antolatzaileek.

Informazio gehiago
Zein balio erantsi ekartzen die euskarak enpresei?
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan... Arabako enpresetan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK