Euskoak 10 urte bete ditu

Ipar Euskal Herriko lekuko monetak urtarrilaren 31n osatu du bere lehen hamarkada eta jadanik Europako lekuko monetarik handiena da

Hainbat jarduera ez dira onartzen euskon, adibidez, laborantza industriala eta banaketa handiko enpresak | Argazkia: Euskal Moneta Hainbat jarduera ez dira onartzen euskon, adibidez, laborantza industriala eta banaketa handiko enpresak | Argazkia: Euskal Moneta

2011n Osasunaren Munduko Erakundearen 64. biltzarra egin zen Cancunen (Mexiko). Euskoarekin zerikusirik ez duela badirudi ere, goi bilera haren aurka Canconen (Okzitania) egin zen kontra-gailurrera euskal militante ekologista batzuk joan ziren, eta bertan ezagutu zuten urte bat lehenago estatu frantsesean sortu zen lehen lekuko moneta, L´abeille izenekoa. Ezagutza edo gertaera hura izan zen euskoaren izarren hautsa.

Euskoaren eta lekuko txanpon edo moneten helburua da gertuko ekoizle eta produktuen salmenta sustatzea, kalitatezko ekoizpenak babestea eta trantsizio ekologikoaren balioekin bat egiten duten ekoizle eta profesionalekin lan egitea. “Euskoan ez dira aktibitate guztiak onartzen; adibidez, laborantza industriala ez da onartzen, banaketa handiko enpresak ere ez eta lehentasuna ematen zaie lekuko ekoizleei, komertzio txikiei eta zirkuitu laburrei”, azaldu du Xebas Christyk, Eusko monetako lehendakariak.

Euskara ere ardatz

Dena den, Ipar Euskal Herriko lekuko moneta sortzeak, ekologikoaz gain, bazuen bigarren helburu edo ardatz bat. Sustatzaileek argi zuten euskararen erabilera zabaltzeko eta esparru publikoan honen presentzia indartzeko tresna ere izan behar zuela.

Hori lortzeko, eusko sarean sartzen diren enpresa edo profesionalei konpromiso edo engaiamendu bat eskatzen zaie, bi aukerekin: harrera egiten duen pertsonetako batek euskarazko 24 orduko ikastaro bat egitea, edo dendan dauden txartela guztiak elebitan izatea. “Profesional gehienek bigarren aukera hautatzen dute eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean garatzen dugun ekimena da”, dio Chiristyk.

Eusko sarean sartzen diren enpresa edo profesionalei konpromiso edo engaiamendu bat eskatzen zaie, bi aukerekin: harrera egiten duen pertsonetako batek euskarazko 24 orduko ikastaro bat egitea, edo dendan dauden txartela guztiak elebitan izatea

Horretaz gain, eusko sarean dauden komertzio eta denden kanpoaldean, monetaren zeinu edo ikurra duen eranskailu bat itsasten dute. Honek, euskoak erabili daitezkeela jakinarazteaz gain, dendarien euskara maila ere adierazten digu, izan ere, “euskaraz” edo “lehen hitza euskaraz” formula proposatzen baitute bertakoen euskara mailaren arabera.

Euro bat = eusko bat

2013an, Euskal moneta sortu zenean, soilik diru-papera atera zuten, hau da, diru fisikoa, baina hasieratik aurreikusi zuten moneta digital baten beharra. Berau 2017an gauzatu zen. Horrek txartel bidezko ordainketa ekarri zuen, eta QR kode eta aplikazio bidezkoa garatu zuten 2020an.

“Helburua da euskoaren erabilera ahal bezain erraza izatea, hura zabaldu eta indartzeko. Horregatik sortu dugu digitala. Billeteekin bakarrik zailagoa da diru-zama handiak ordaintzea, profesionalen arteko diru trukaketak egitea. Bagenekien paperezko diruarekin bakarrik motz geratzen ginela. Euskoaren erabilera indartzeko tresna eraginkor bat da digitala”, dio lehendakariak.

2017an 450.000 eusko zeuden zirkulazioan. Ordainketa modu berriekin 3.500.000 euskora emendatu da kopurua bost urtean eta igoera ia osoa digitalean jazo da

Geroztik izandako garapenak erakusten du zuzen zeudela. 2017an 450.000 eusko zeuden zirkulazioan. Ordainketa modu berriekin 3.500.000 euskora emendatu da kopurua bost urtean eta igoera ia osoa digitalean jazo da.

Digitalean, kontua derrigor

Euskoak euroaren balio berbera du eta aldaera fisikoa “aldagune” den komertzio batean eskura daiteke. Aldaera digitalari dagokionez, truke automatiko bidez funtzionatzen du, hau da, euskotan kontu bat irekitzea derrigorrezkoa da eta kontu hori sortzean, erabiltzaileak behartua daude hilabetero zenbait eusko jaso nahi dituzun adieraztera. “Hori egin ez bagenu, jendeak kontuak irekiko lituzke, baina ez lituzkete beteko. Nantesen txanpon digital bat sortu zuten kideek izandako esperientziak hori bera erakutsi zigun: kontu bat irekitzea ez zela zaila, baina bai berau erregularki hornitzea. Guk hautu erradikal bat egin genuen: kontua irekitzeko erabaikia hartzen baduzu, berau erabiltzeko konpromisoa eskatzen dizugu, hilabetean gutxienez 20 euskoko kopurua ezarriz” azaldu du Christyk.

Xebas Christy: "Kontua irekitzeko erabaikia hartzen baduzu, berau erabiltzeko konpromisoa eskatzen dizugu, hilabetean gutxienez 20 euskoko kopurua ezarriz"

Neurriak euskoaren gorakada hein batean azaldu badezake ere, elkarteko lehendakariak ez du uste faktore bakarra denik. Hasieratik sentsibilizazio lan handia egin dela azpimarratzen du, proiektua sozializatu eta profesionalei aurkezteko ekimen asko antolatu direla, eta horri esker, euskoa sortu eta hilabete gutxira, jada estatuko lekuko monetarik handiena bilakatu zela. “Moneta beti lurralde bati atxikia da, eta helburua da lurralde horretan harreman ekonomikoak garatzea, lurraldean sortzen den aberastasuna lurraldean gera dadila eta, besteak beste, enpleguak mantentzen lagundu dezala”.

Euskoa % 3

Nolanahi ere, eusko moneta elkarte bat ere badenez, erabiltzaileei urtean 24 euroko harpidetza eskatzen zaie horren funtzionamendua bermatu eta finantzatzeko. Hala ere, kuota edo kotizazio hori ez da soilik euskoaren mesedetan erabiltzen. Euskoa % 3 izeneko sistema baten bitartez, eusko-sarea osatzen duten elkarte eta profesionalak ere laguntzen dira.

'Euskoa % 3' izeneko sistema baten bitartez, eusko-sarea osatzen duten elkarte eta profesionalak ere laguntzen dira

Harpidedun bakoitzari elkarte edo denda bat izenpetzea eskatzen zaio kontu berri bat irekitzen duen bakoitzean. Enpresa horrek hogeita hamar babesle edo gehiago lortzen baditu, erabiltzaile edo babesle horiek guztiek erabiltzen dituzten euskoen % 3 jasoko ditu. “Sistema horri esker, 10 urtez 270.000 eusko banatu ditugu 70 elkarteren artean. Banaketa hori urtero egiten dugu, eta azkena urrian egin genuen”, azaldu du ekintzaileak. Bestalde, euskoak euroagatik aldatzen dituzten profesionalei, kopuruaren % 5eko penalizazioa ezartzen zaie.

Etorkizuneko erronkak

Eusko monetak egitura guztizko autonomoa izateko jomuga badu ere, oraindik bere aurrekontuaren laurdena falta zaio hori lortzeko. Gauzak horrela, harpidedun kopurua emendatu eta zirkulazioan dauden eusko kopurua zabaltzea funtsezkoa dute helburua lortzeko. Ildo beretik, gogoeta estrategiko bat ere hasi berri dute hori lantzeko.

Garapen edo hedapen hori hauspotzeko, egun legeak ezartzen dizkien hainbat muga administratibo eta beraiek dituzten zenbait zailtasun tekniko landu eta leuntzea beharrezkoa dela uste dute. Adibidez, eurentzat funtsezkoa den erakunde publikoen parte hartzea handitzeko, legea aldatu beharko litzateke. “Kolektibitate batek, Frantziako legediaren arabera, bere kontuak soilik eurotan izan ditzake. Araudiaren aldaketa nola egin aztertzen ari gara estatuko lekuko moneta guztiekin batera, Ipar Euskal Herriko erakundeek beren ordainketen zati bat euskotan egin dezatela ahalbidetu, eta horrekin proiektuari benetako bultzada eta berme bat emateko”, aldarrikatu du Xebas Christyk.

Eusko monetak egitura guztizko autonomoa izateko jomuga badu ere, oraindik bere aurrekontuaren laurdena falta zaio hori lortzeko

Zentzu berean, eusko moneta sarean dauden enpresek beren langileei soldataren zati bat euskotan ematea sustatu nahi dute, profesionalen arteko trukaketak erraztu eta honela sektore estrategiko berriak erakarrarazi.

Bestalde, Ipar Ipar Euskal Herriko moneta bada ere, Hego Euskal Herriko biztanleei berau ezagutu eta erabiltzeko gonbita egiten diete, bereziki, Lapurdi, Nafarroa-Beherea edo Zuberoara usu erosketak egitera etortzen direnei.

Eusko eguna, apirilaren 15ean

Eusko moneta proiektuarentzat ezinbestekoak dira antolatzen diren festa eta jaiak ere. Batetik, proiektuaren ezagutza zabaltzen laguntzen duelako eta, bestetik, diru iturri ere badelako.

Ezagutza hori egiteko aukera izango da, adibidez, apirilaren 15ean Ezpeletan (Lapurdi), 10. urteurrena ospatzeko antolatu den Eusko Egunean. Egitarau aski zabala antolatu dute urteurren berezirako, hala nola, ekoizleen azoka, hitzaldiak, haurrentzako animazioak eta iluntzean, tartean, Willis Drummonden emanaldia.

Apirilaren 15ean Ezpeletan (Lapurdi) 10. urteurrena ospatzeko Eusko Eguna antolatu dute

Euskoak mundua aldatuko ez duela jakin badakite ere, gure kontsumo ohitura eta erabakiek eragin zuzena dute bizi garen inguruan eta honen garapen jasangarri eta osasuntsuan. Aletxoz aletxo egiten den basoaren birlandatzea da, eta argi dago hazi emankorra dela lekuko monetarena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK