Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan... Arabako enpresetan

Arabako Enpresen Foroak bi urte daramatza martxan, lurraldeko enpresek euskara sustatzeko esperientziak partekatu, praktika onak ezagutu, eta barnera begira aurrerapausoak emateko asmoz. Bai Euskarari elkarteak egiten ditu bideratzaile lanak, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan

Arabako Enpresen Foroko saio bat. | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea Arabako Enpresen Foroko saio bat. | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea

“Euskara, jalgi hadi plazara” abestu ohi zuen Xabier Letek, Bernart Etxepareren hitzei musika jarrita. Plazara irteteko baino, euskara euren enpresetan txertatzeko urteak zeramatzaten lanean Arabako zenbait konpainiek. “Baina bakoitza bere aldetik ari zen. Pentsatu genuen egokia izan zitekeela talde bat antolatzea, enpresa horiek elkarren berri izateko, esperientziak partekatzeko... eta, era berean, hizkuntza kudeaketari lotuta enpresek dituzten zailtasunak beraien artean komentatzeko eta horiei elkarrekin aurre egin ahal izateko”, azaldu du Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko arduradunak.

Horretarako jaio zen Arabako Enpresen Foroa, 2020an. Bai Euskarari elkarteak kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan. “Abiapuntua Lanabes proiektutik dator”, adierazi du Gutierrezek, esparru soziekonomikoan eta enpresarialean euskara sustatzea duena helburu. Egun, 18 bat enpresek hartzen dute parte foroan, industriari eta merkataritzari lotutakoak, baita enpresaburuen elkarteak ere. “ Gutxieneko tamaina bateko enpresak ari dira parte hartzen, batez ere enpresa ertain eta handiak”, kontatu du Bai Euskarari elkartekoak.

Rober Gutierrez: "Bakoitza bere aldetik ari zen. Pentsatu genuen egokia izan zitekeela talde bat antolatzea, enpresa horiek elkarren berri izateko"

Horietako bat da Uriarte Industrial, 55 urteko familia enpresa, pneumatika eta hidraulikako makina osoekin eta ordezko piezekin lan egiten duena. “Gu batez ere Araba inguruan ibiltzen gara, eta Bizkaia eta Gipuzkoan. Errioxan eta Burgosen ere baditugu bezero batzuk. Gainera, beste enpresa bat dugu Iruñean, eta handik Nafarroa guztira, Zaragozara eta Soriara heltzen dira”, kontatu du Eneko Uriarte enpresako zuzendari nagusiak. Euren kasuan, 2018tik daramate euskara enpresan txertatzeko lanean.

Bigarren adibidea da Artepan-Mamia, 1983an sorturiko Gasteizko okindegi eta gozotegia, egun sei denda eta lantegia dituena. “Artepanen izenean egiten dugu dena, eta Mamia horren besotxo bat da”, kontatu du Leire Moral euskara arduradun eta Mamiako harrera zerbitzuko langileak. Bera duela bi urte sartu zen enpresan lanean.

Besteen esperientziak, baliagarri

Abian jarri zutenetik, Arabako enpresen foroak hiru edizio izan ditu: 2020koa —saio bakarrekoa—, 2021ekoa —hiru saiokoa—, eta 2022koa —lau saiokoa—: “2020koa esperimentua izan zen. Helburua izan zen enpresa horiek elkartzea, proiektua aurkeztea eta beraien proposamenak jasotzea, hurrengo pausoak definitzeko”, esan du Gutierrezek. Harrera ona izan zuenez, 2021eko edizioan enpresa bakoitzak bere erronkak identifikatu zituen. “Horretarako hainbat lanketa burutu ziren, eta kanpoko zenbait esperientzia jaso genituen, beste enpresa batzuen adibideak, Arabarrak zein beste lurraldeetakoak”, plazaratu du Bai Euskarari elkartekoak. 2022an erronka horiei begira “lanean” aritu dira, eta kasu horretan ere hainbat enpresen esperientziak jasotzeko aukerak izan dituzte, tartean Fagor eta ABB Niessenenak. Azkeneko saioa ekainaren 30ean egin zuten.

Enpresentzat, alderdirik baliagarriena da besteen esperientziak ezagutzea. “Gu baino lan askoz aurreratuagoa egin duenik badago. Eta beraien aldetik entzutea zer egin duten, zein den beraien esperientzia... Niri behintzat gehien gustatu zaidana hori izan da”, azpimarratu du Uriartek. “Ideia berriak ematen dizkizu. Zenbaitetan pentsatzen duzu zerbait asmatu egin beharko duzula. Aldiz, aldameneko enpresak egiten duena entzun eta hori kopiatu dezakezu. Ondo baldin badago, zertarako ibili buruhaustetan? Ikasi egiten da”, dio Moralek. “Badirudi Araba Euskaraldian beti dagoela pittin bat azpitik. Niretzat garrantzitsua da gehiago ezagutzea, eta jakitea pittin bat non gauden, eta ikustea benetan badaukagula nondik tira egin, euskal enpresak ere badaudelako”, gaineratu du. Zentzu horretan, “bakarrik ez zaudela entzutea pozgarria” dela nabarmendu dute biek ala biek.

Leire Moral: “Ideia berriak ematen dizkizu. Zenbaitetan pentsatzen duzu zerbait asmatu egin beharko duzula. Aldiz, aldameneko enpresak egiten duena entzun eta hori kopiatu dezakezu. Ondo baldin badago, zertarako ibili buruhaustetan?"

Artepanen kasuan, euskara enpresan txertatzeko apustuetako bat izan da harrera zerbitzua euskaraz ere eskaintzea. “Puntu horretan saiatzen gara garrantzia ematen euskarari. Nahi duen jendeak aukera izatea euskaraz erosteko eta aritzeko”, azaldu du euskara arduradunak. Horrekin batera, webgunea, kartelak eta abar euskaraz dituzte.

Uriarteri dagokionez, “langile guztiekin lehen gaztelaniaz zena, orain elebitan egiten dugu (egutegia, txostenak eta halako gauzak)”. Horretarako planifikazioa gakoa izan da. “Gure sistema informatikoan ere sartu dugu euskara bezeroentzat. Alegia, bezero bat euskalduna dela jakinez gero, bere fitxan aukera hori adierazi dezakegu, berari bidaltzen zaizkion eskaintzak, albaranak, fakturak... euskaraz bidaltzeko”, kontatu du zuzendari nagusiak. Bezero euskaldunek hori eskertu dutela nabarmendu du. “Euskaraz dakiten gure bezeroek asko estimatzen dute euskaraz beraiekin harremanetan jartzea eta lana euskaraz egitea”, esan du.

Kide berriak eta jarraikortasuna

Aurrerapausoak eman badituzte ere, Moralek zein Uriartek uste dute barne komunikazioan egiteko asko dagoela oraindik. “Kanpora begira gehiago saiatzen gara eta erabiltzen dugu, baina barrua, nahiz eta jakin, euskara ez erabiltzeko ohitura gehiago dugu. Lan hori dugu egiteko batez ere. Eta bagabiltza”, dio Artepanekoak. “Esango nizuke laneko tresna bezala oraindik asko falta zaigula denok euskaraz egiteko”, gaineratu du Uriarte Industrialekoak.

Enpresa barruko erronkez harago, Arabako Enpresa Foroak ere baditu erronka propioak. “Gu hiru urteetan izan gara, eta hasieratik hona aurpegi berri gutxi ikusi dugu”, adierazi du Uriartek. Aurtengo edizioko lehenengo saioa, hain zuzen, enpresa berriak erakartzeko egin zuten, eta, horri esker, “hiru enpresa berri izan ditugu aurten: Vital Fundazioa, Biosasun, eta Ciudad Jardin Lanbide Heziketa zentroa. Foroaren helburuen artean ere bazegoen hori, nolabait lotura hori ematea hezkuntza eta lan munduaren artean”, kontatu du Gutierrezek. Uriarteren ustez, ordea, “hor badago egin beharreko lan bat, enpresa gehiago erakartzeko. Baina ez da erraza. Horri ere buelta bat eman beharko genioke denon aldetik”.

Eneko Uriarte: "Badago egin beharreko lan bat, enpresa gehiago erakartzeko. Baina ez da erraza. Horri ere buelta bat eman beharko genioke denon aldetik”

Jarraikortasuna eta denbora dira beste bi erronka. “Hiru saio motz geratzen da. Gainera, kontua da orain moztu behar dela, gero administrazioek erabaki behar dutelako noiz aterako duten lizitazioa, finantzaketa publikoa duen proiektua delako. Horrekin guztiarekin denbora bat galtzen da. Eta enpresek ere eskatzen dute jarraikortasuna egotea, ez moztea”, azaldu du Bai Euskarari elkarteko arduradunak. Edozein kasutan, enpresak gogotsu dira proiektuarekin aurrera egiteko. “Alde horretatik, uste dut ibilbide luzea izango duen proiektua izango dela”, bukatu du Gutierrezek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK