Getariako Txakolinaren produkzioa %20 eta salmentak %13 igo dira

Uzta berriaren 4,3 milioi botila merkaturatu dituzte Getariako Txakolina jatorri izenpean

Argazkia: Getariako Txakolina Argazkia: Getariako Txakolina

Ohikoa den bezala, San Anton egunean, Getariako Txakolinaren 2022ko uzta berria aurkeztu dute Getarian. Ekoizpena 2021eko uzta baino %20 handiagoa izan da, orotara, 4,8 milioi kilo mahats bildu baitira. Uzta kantitate horrekin, 4,3 milioi botila inguru merkaturatu dira Getariako Txakolina jatorri izenarekin zigiluarekin. Guztira, txakolin zuriaren 2,9 milioi litro ekoitzi dituzte; txakolin gorriaren ia 318 mila litro; eta txakolin beltza 20,5 mila litro.

Lehorteak, beroak eta eguzki egun ugariek beldurrak airean izan zituen mahastizainak mahats-bilketaren eguna iritsi arte. Hala ere, datuei begiratuta, gustura daude aurtengo uztarekin eta ekoiztutako txakolin kopuruarekin. Era berean, aurtengo txakolinak pasaden urtekoak baino gradu handixeagoa duela jakinarazi dute, gorputz handiagoarekin eta azidotasunean oso orekatua. Prezipitazio gutxiko eguraldiak eragin du aurtengo txakolinaren izaera hori.

Salmentei dagokienez, pandemia dela eta urte hasierako ziurgabetasuna gainditu ondoren, urte ona izan da Getariako Txakolinarentzat ere. Jatorri izenak %13ko igoera izan du salmentetan 2021eko datuekin alderatuta, eta 4 milioi zigilu eman ditu. Gainera, gero eta botila gehiago saltzen dute atzerrian ere, esportazioak %30 inguru hazi baitira. Estatu Batuetara, esaterako, 460 mila litro pasatxo esportatu dituzte; Frantziara eta Erresuma Batura 44 milana litro; Errusiara 42 mila litro; eta Norvegiara 39 mila litro.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK