Gipuzkoak 4,7 milioi euro bideratuko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarea bultzatzera

Gehiengoa, 2,2 milioi euro, I+G proiektuen laguntzetara bideratuta egongo da

Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko aurtengo dirulaguntzen deialdia onartu du astearte honetan. 4.715.000 euro bideratuko dira horretara, iaz baino 400.000 euro gehiago (+%9,26). Gehiengoa, 2,2 milioi euro, I+G proiektuetara bideratuta egongo da; milioi bana euro enpresetako I+G unitateetako proiektuetara, eta ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetako inbertsio proiektuetara; eta azken 515.000 euroak Gipuzkoa Next dirulaguntzetara.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "Gipuzkoak industria lehiakorra, erreferentziazko ekosistema teknologikoa eta gizarte trebatua izatearen arrazoietako bat da denboran zehar I+G+Bn egindako inbertsioa” eta hori bultzatzen jarraitu nahi dutela gaineratu du, erronka ekonomiko eta sozialei erantzunez.

Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan 13.392 pertsona ari dira I+Gko jardueretan, eta horietatik 8.686 ikerketan. "Gainera, Gipuzkoa da BPGaren ehuneko handiena ikerketa eta garapenera bideratzen duen EAEko lurraldea, %2,69ra arte 2021ean", gogorarazi du.

Era berean, nabarmendu du lurraldean "zentro, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta ikerketa eta berrikuntzaren arloan lan egiten duten pertsona ugari" daudela. Zentro horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta daude, eta horiei zuzenduta dago Aldundiak astearte honetan onartutako laguntza-ildoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK