Gipuzkoako enpresek %1,5erainoko hazkundea espero dute

Lurraldeko enpresak 2023ko ziurgabetasunei aurre egiteko prest daude, Gipuzkoako Ganberak egindako aurreikuspen ekonomikoen arabera

Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

2022. urtearen balantze positiboa egin du Gipuzkoako Ganberak, “kudeatzeko zaila” izan arren, jarduera eta emaitza onak lortu dituztelako lurraldeko enpresek. Hala, baikortasunez ekin diote aurtengo urteari, eta Gipuzkoako ekonomia %1 eta %1,5 artean haztea aurreikusten dute, batez ere, industriaren sektoreak hauspotuta.

Gipuzkoako Bazkundeak 2023ko egoera Ekonomikoaren Txostena aurkeztu du, aurtengo aurreikuspen ekonomikoak eta perspektiben inkestaren emaitzak jasotzen dituen dokumentua, Gipuzkoako ehunka enpresak erantzun duten inkesta oinarri hartuta.

Txostenaren arabera, Gipuzkoako enpresen %28k negozio zifrak hobetzea espero du, eta %5ak aurreko urteko emaitzak berdintzea espero du. Gainerako sektoreei dagokienez, txikizkako merkataritzak soilik adierazten ditu 2022an baino emaitza apalagoak, saltokien %32k salmenta zifra txikiagoa izatea espero baitu, %21ak zifrek gora egingo dutela uste badu ere.

Gipuzkoako Ganberako arduradunek nabarmendu dute esportazioak funtsezkoak izango direla 2023ko ekitaldian, enpresen %39k esportazioak handitzea aurreikusten baitu, eta %44k uste dute emaitzak errepikatuko dituztela. 2022an inoizko daturik onenak lortu zituzten esportazioetan, 10.000 milioi eurorainokoak izanik.

Hala, mundu mailako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak 2023rako "apalagoak" diren arren, Gipuzkoako Ganberak espero du Gipuzkoako esportazioek "errekorrak" ezarriko dituztela berriro, eta uste du lurraldeko merkatu tradizionalek "aukera komertzialak" izango dituztela Gipuzkoako enpresentzat, "oso aukera selektiboak” izango badira ere.

Enpleguari lotuta, mantentzea edo igoera apala izatea aurreikusten dute Gipuzkoako enpresa gehienek, %84ak uste baitu mantendu edo handitu egingo dituela. Industriak aurreikusten ditu emaitzarik onena, eta merkataritza da enplegua murriztuko dela uste duen sektore bakarra.

Bestelakoan, langile falta, Europakoak ez diren merkatuetan salmentak handitzeko beharra, marjinak berreskuratzea, eta lurralde lehiakor bat izaten jarraitzeko beharra dira Gipuzkoako enpresen erronka estrategiko nagusiak. Hala ere, 2023ko ziurgabetasun orori aurre egiteko prest leudeke lurraldeko enpresak, Gipuzkoako Ganberak txostenean iragarri duenez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK