Hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia luzatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek

Euskaraldiaren azken egunean, hirugarren edizioaren balorazio positiboa egin dute. Orotara, 161.099 pertsonak eta 6.634 entitatek hartu dute parte eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak, aurreko edizioaren pare

Argazkia: Euskaraldia Argazkia: Euskaraldia

161.099 pertsonak eta 6.634 entitatek izena eman edo berretsi dute aurtengo Euskaraldian, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Datu horiexek eskaini dituzte Euskaraldiaren azken egunean Gasteizko Artium museoan egin den prentsaurrekoan. Euskaraldiaren hirugarren edizioaren balorazioa egin dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Kalkuluen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopuruan daudela adierazi dute, eta “oso pozik” agertu dira azken edizioarekin.

Pertzepzio baten berri ere eman dute, aurten txapa gutxiago erabili direla uste dute. “Aztertu egin beharko dugu zein aldaketa egin behar ditugun gehiago ikus daitezen”, adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Txapen garrantzia azpimarratu nahi izan du, ikerketen arabera, txapak ikusitakoan hizkuntza ohiturak errazago aldatzen direla argudiatuz.

Bestelakoan, Euskaraldia “ariketa ezaguna” izateaz gain, “gizartean txertatuta eta normalizatuta” dagoela adierazi du Bingen Zupiria sailburuak. Ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak hobeto ulertzen direla azaldu du, eta “lehen hitza euskaraz” arau sozial berriak azken lau urteotan “aurrerapauso handiak” eman dituela dio. Euskaraldiak “norberaren euskararen erabilera hazi” egiten duela nabarmendu du.

Koordinazio orokorreko kideez gain Gasteiz, Arrasate, Sakana, Tolosaldea eta Arrigorriagako batzordeetako kideak ere egon dira agerraldian. Arrasateko batzordeko kide den Ikuska Lizarraldek hartu du hitza denen izenean, azalduz, Euskaraldiaren azken edizio honetako antolaketan, orokorrean “mugimendu handiagoa” izan dela, eta herrietan ere Euskaraldia ari dela bere lekua hartzen.

Euskaraldiko hirugarren zutabea izan diren entitateek ere izan dute beren ordezkaritza. Egoitza Gasteizen duen Puente Farmaziako Iñigo Puentek hartu du hitza prentsaurrekoan. “Euskara daukagu, zaindu eta erabili beharrekoa. Eskerrik asko Euskaraldiari hori gogorarazteko aukera emateagatik”, azaldu du.

Hala, dei bat ere luzatu nahi izan diete parte hartu duten herritar eta entitate guztiei: “Eman dituzuen urratsei segida emateko bihartik aurrera ere. Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen”.  

Euskaraldiaren azken egun honetan egindako lehen balorazioaren ondotik, datorren urtearen erdialdera eskainiko dituzte aurtengo Euskaraldiaren behin-betiko balorazio datuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK