A-15 eta N-1 errepideetan barrena igarotzen diren kamioiek bidesaria ordaindu beharko dute gaurtik hasita. Ordainketarako sei arku daude N-1ean Etzegaraten, Ordizian, Tolosan, Andoainen eta Lasarte-Orian; A-15ekoak, berriz, Astigarragan eta Belabietan. Hala, 76 kilometroko ibilbide horren erabilpena ere ordaindu egin beharko dute salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunek. Bidesarietan jasoko den zenbatekoa “premiazkoa” dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepideen mantenurako behar dela argudiatuta. Lehendik ere, 2018ko urtarriletik 2021eko urrira arte, kobratu zizkieten bidesariok 3,5 tonatik gorako kamioiei, baina epaileek baliogabetu egin zuten orduan, diskriminatzailea zela egotzita.
Edonola ere, eta kamioientzako bidesari berriaren kobrantza indarrean sartuta, deskontu plan berria osorik hedatu dute. Motor eraginkorrak dituzten kamioiek %25etik %25era bitarteko deskontuak izango dituzte, motorraren tipologiaren arabera. Beherapen horri, maiztasunaren araberako deskontua gehituko zaio urrian, %13rainoko deskontuak aurreikusten baititu Aldundiak.
Gipuzkoan bakarrik ez, Bizkaian eta Nafarroan ere ibilgailu astunek autobideak eta bide lasterrak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute laster. Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 1ean jarri nahi zuen sistema indarrean, baina atzeratu egin du.