Iazko azaroan Bizkaiko Batzar Nagusiek kultura sustatzeko zerga pizgarrien eguneraketa eta zabalketa ahalbidetuko zuen Foru Araua onartu zuten. Ikus-entzunezko ekoizpenei nahiz arte eszeniko zein musikalen zuzeneko ikuskizunei kenkari berriak aplika dakizkieke honela, lurraldearen kultur ekoizpenerako erakargarritasuna indartuz eta sektoreko eragileen lurraldeko lana babestuz. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, pizgarri fiskal hauekin euskarazko ikus-entzunezko eta zuzeneko ekoizpenak sustatu nahi dira.
Film luze eta laburrei eta ikus-entzunezko beste lan batzuei (fikziozko, animazioko edo dokumentaleko serieei) %35 eta %60 arteko kenkariak aplikatu ahal zaizkie, baldin eta kultura-izaera dutela segurtatzen badute. Gainera, beste %10 handituko da kenkaria osorik euskaraz filmatutako lana izanez gero. Orotara, beraz, kenkari handiena %70era ailegatu daiteke.
%60ko kenkaria izango du obrarik eratorritako gastuen %50 baina gehiago Bizkaian egin badira. %50 kenkaria, aldiz, Bizkaian egindako gastuak %35 eta %50 artekoak badira, %40ko kenkaria, lanaren gastuak %20 eta %35ekoak badira eta %35ko kenkaria gainerako kasuetan.
Beste %10 handituko da kenkaria osorik euskaraz filmatutako lana izanez gero
Arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunei dagokionez, hauek ekoitzi eta erakusteko sortutako gastuek Sozietatearen gaineko Zergaren kuota likidoan %30eko kenkaria izango dute, ikuskizuna euskaraz bada %40ra haziko dena. Dena den, kenkariak ezingo du milioi bat euroko langa gainditu.
Hori gutxi balitz, liburuak argitaratzeagatiko kenkaria ere adostu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hala, euskarri fisiko bat egiteagatiko inbertsioek kuota likidoren %5eko kenkaria izan dezakete.
Kulturak eragiten du ekonomian
Cesar Vidal, LKS Next Legaleko fiskal-arloko arduradun eta abokatuaren ahotan, Bizkaian onartu den arautegiak inbertsoreei sektoreko ekoizpenek sortutako kreditu fiskalen nolabaiteko “transferentzia” egitea bermatzen du, eta modu honetara, alde bien interesak gogobetetzen dira, ekoizleak obrarentzako finantzazioa erdiesten du eta inbertsoreak errentagarritasuna eskuratzen du finantzazio horren bitartez. Hau da, “ekoizleak finantza baliabideak lortzen ditu ekoizpen kostuei aurre egiteko eta inbertsoreak horren ordez kreditu fiskala eskuratzen du, %20ra iritsi daitekeen arautegiak bermatutako errentabilitatearengatik”.
Kultura sektoreak inpaktu ekonomikoa handia du Euskal Herrian. “Botere fiskalak ausart jokatu du pizgarri fiskala jasotzen, honek hainbat ekoizpen erakarriko ditu Bizkaira. Gainerako lurraldeetan jada bazeuden hainbat pizgarri fiskal, baina Bizkaiak aurreko eskema hobetu nahi izan du lurraldea lehiakorrago egiteko eta jarduera ekonomiko gehiago sortzeko”.
Zer ondorio ekar ditzake pizgarrien areagotzeak?
LKSko fiskal arloko arduradunaren arabera, pizgarri fiskalak areagotzeak bi helburu nagusi beteko ditu: finantzazio ezarengatiko zailtasunak dela eta lehen burutu ezin ziren ekoizpenak gauzatzea, eta lurraldeko kultura industria egonkortzea, ekonomian izango duen zeharkako eragina dela eta.
Era berean, pizgarri hauek inflazio joera bat ekarri dezakeela iritzi dio Vidalek. “Ekoizpen kostu horietako batzuk handitu egingo dira, baliabide hauek erabiltzeko izango den eskari handiagoagatik”, azaldu du. Hala, ekoizpenak gauzatzeko era guztietako baliabideak behar dituzten proiektuak ugaritzen ari direla dio Vidalek, eta horrek beharrezko baliabideen kostuen gorakada ekarriko duela.
Cesar Vidal: “Ekoizpen kostu horietako batzuk handitu egingo dira, baliabide hauek erabiltzeko izango den eskari handiagoagatik”
Horrez gain, beste ondorio bat aurreikusten du LKSko abokatuak: beste sektore batzuetako inbertsoreen finantza baliabideak kultura sektorera bideratzea. Beste sektoreetan pizgarri fiskalak badituzten arren, euren aplikazioa konplexuagoa edo ez hain errentagarria izateagatik merkatu honetara zuzendu daitezke finantza baliabide horiek.
Egun, Bizkaiak du zerga-araubide lehiakorrena -Europako batzordearen baimena du gainera-, baina bai Araba, Gipuzkoa eta Nafarroak ere pizgarriak areagotuko dituztela iritzi dio Vidalek. “Ez areagotzeak Bizkaiarekiko lehiakortasuna galtzea ekarriko luke, kokaleku zehatz bat eskatzen ez duten eta beste leku batzuetara mugitu daitezkeen ekoizpenei dagokionez batez ere”.
LKS Next, tokiko ekoiztetxeekin lankidetzan
LKS ikus entzunezko sektorea eta zehatzago, ekoizpen-etxeak babesteko apustua egin du. “Arautegiak aurreikusitako mekanismoak martxan jarri ditugu eta lan talde baten bidez eta gure baliabideak baliatuz finantzazioa bilatzeko laguntza eskaintzen ari gara”, kontatu du Vidalek.
Horren harira, aurtengo ekainean, tokiko ekoiztetxe baten animaziozko serie baten finantzazioa burutu dute, eta urtea 5-6 proiekturekin ixtea aurreikusten dute, hauei finantzazioa bilatuz.
Hori gutxi balitz, koprodukzio bidez ondutako proiektuak erakarri nahi ditu LKSk, Vidalen arabera, hau da, kanpoko eta tokiko ekoiztetxeren lankidetza sustatu nahi du hainbait proiektuetan, eta honela, hemengo ekoiztetxeen “posizionamendua eta lehiakortasuna" indartuz.