Maiatzaren Leheneko mobilizazioak

[Oharra: mapa interaktiboa beherago topatuko duzu] [Oharra: mapa interaktiboa beherago topatuko duzu]

Hemen da Maiatzaren Lehena, eta horrekin batera, sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan. Soldatak, pentsioak eta prezioak jarri dituzte erdigunean aurtengo deialdietarako.

Hego Euskal Herriari dagokionez, ELA sindikatuak, esaterako, Borrokan, irabazteko leloa hautatu du aurtengo mobilizazioetarako, baita bere urtekarirako ere, aurkeztu berria. Urtekarian 2022ko emaitzak aurkeztu ditu. Amaia Muñoa elkartutako idazkari orokorraren hitzetan, "antolakuntza eta konfrontazioa" dira hitzarmenak lortzeko bidea, datuek erakutsi bezala. Espainiar estatuan eginiko greben %56 Hego Euskal Herrian egin zela plazaratu zuen ELAk, eta Mitxel Lakuntza idazkari orokorrak nabarmendu zuen harreman zuzena dagoela "greben eta lortutakoen" artean, eta horregatik "harro" daudela azpimarratu du.

LABen aldarrikapena izango da Egiteko beste mundu bat, “bizitza bizigarriago egiteko". “Ez dago eraldaketarik aktibazio sozialaren bidez patronala eta instituzioak horretara behartu gabe”, azpimarratu dute sindikatutik. LABek berriki aurkeztu du Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren azterketa, Ipar Hegoa fundazioak eginikoa. Lau ondorio nagusi atera ditu: ehun ekonomikoa ahultzeko joera mantentzen dela, banaketa dagoela oraindik ere lan erreproduktibo eta produktiboen artean, birbanaketa politiken falta dagoela sortutako aberastasuna banatzeko, eta ekoizpen eta kontsumo ereduek eragin negatiboa dutela.

CCOOk eta UGTk bat egin dute Maiatzaren Lehenerako mobilizazioetarako. Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu izan da aukeratutako leloa. Aldarrikapena enpresen "gehiegizko irabazien" testuinguruan kokatzen da, eta herritarrei eginiko eskaera da "zerbitzu publikoak indartzea" eta "fiskalitate progresibo baten alde" egin dezaten. EAEren kasuan, Loli Garciak (CCOO) eta Raul Arzak (UGT) dute "negoziazio kolektiboa" eta "elkarrizketa sozialaren" balioa azpimarratu dute.

ESKk, CGT, CNT eta STEILAS izango dira bat egingo duten beste lau sindikatuak, Zorroa lehertu lelopean, Geldi dezagun haien diru-gosea azpitituluarekin. Sindikatuek nabarmendu dute "diruzalekeriak bide laburra duela" eta badela garaia "predatzaile honi aurre egiteko".

Jarraian dagoen mapan ikus ditzakezu hiri eta herri bakoitzeko deialdi guztiak:

 

Ipar Euskal Herrian ere egingo dituzte manifestazioak. Zehazki, intersindikalak deituta, Baionako tren geltokian bilduko dira 10:30ean. LAB sindikatuak ere ordu eta toki berean hasiko du bere protesta, baina ez du toki berean amaituko, intersindikalarengandik “jasaten duen bazterketa” salatzeko. EHBaik, Bizik eta Aldak, gainera, giza katea antolatu dute bi amaiera puntuak lotzeko asmoz. Horrez gain, LAB sindikatuak Maulen ere deitu du protestara, 11:00etan Herriko Etxearen aurrean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK