Miarritze, enperadoreen hiria

Turismoari lotuta, XIX. mende erdialdean Montijoko Eugenia Napoleon III.aren emazteak emandako sona mantentzen jakin du Miarritzek. Urtero jasotzen dituen 190.000 bisitariak dira horren adibide

Miarritze 1970ko hamarkadan, Hotel du Palais lehen lerroan | Argazkia: Miarritzeko udaletxea Miarritze 1970ko hamarkadan, Hotel du Palais lehen lerroan | Argazkia: Miarritzeko udaletxea

Miarritze oroitzean, kasinoak, bainuetxeak, itsasoa, marradun toldoak, arkitektura inperiala eta aristokrazia datozkigu burura. Baina, euskal kostaldeko txoko xumeago batean hasi zen dena, gaur egun Arrantzaleen Portua izenez (Port des Pêcheurs edo Port Vieux frantsesez) ezagutzen denean. Portu txikia zena 25.000 biztanleko Ipar Euskal Herriko kostaldeko hiri ospetsu eta udako gune turistiko bihurtu da. Hiriko turismo bulegoak helarazitako datuen arabera, 190.000 bisitari jasotzen ditu urtero, eta euskal kostaldeko hotelen %35 bertan daude, orotara, 52 hotel eta jauregi bat. Baina zer du berezi Miarritzek halako norako arrakastatsua izateko? Montijoko Eugenia Napoleon III.aren emazteak eta Hotel du Palais ospetsuak dute erantzuna.

Pierre de Lancre Frantziako Estatu Kontseiluko kideak 1609an azaldu zuenez, zenbait bainularik itsasoan igerian ibiltzeko ohitura hartua zuten garai hartan ere, baina geroago hasi zen Miarritzeren egiazko arrakasta turistikoa, XIX. mendean. Victor Hugo poeta eta idazle frantsesa izan zen 1843an Miarritzera iritsi eta “hiri hau laster modan jarriko da” esan zuen lehena. Baina, hiriko turismo departamentuak azaldu duenez, Montijoko Eugenia Napoleon III.aren emazteari zor zaio Miarritzeko turismoaren egiazko sona. Izan ere, bere nahia izan zen udako oporrak bertan igarotzea, eta berak erakarri zituen hirira noble eta aristokrata asko eta asko.

Montijoko Eugenia Napoleon III.aren emazteari zor zaio Miarritzeko turismoaren egiazko sona. Izan ere, bere nahia izan zen udako oporrak bertan igarotzea, eta berak erakarri zituen hirira noble eta aristokrata asko eta asko

Emaztearen desioa betez, Napoleon III.ak jauregi bat eraikitzeko agindu zuen 1854an, Ville Eugenie izenekoa. Hamasei urtez izan ziren senar-emazteak jauregi horretan uda igarotzen, harik eta Napoleon III. hil eta kondesak jauregia saltzeko erabakia hartu zuen arte. 1881ean jauregi pribatu izatetik hotel kasinoa izatera igaro zen eraikina, eta 1893an hartu zuen jauregiak egun duen izena: Hotel du Palais.

Belle Époque

Zenbait eraberritze lan egin badizkiote ere, hotel horixe da Napoleon III.ak bere emaztearentzat eraiki zuen jauregia, eta, hein handi batean, noblezia eta aristokrazia hirira erakarri zituena, hotelak ematen zielako ostatu. Kontuak nola, ‘enperadoreen hiri’ bezala ezaguna egin zen Miarritze, eta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako modako norako bilakatu zen.

Turismo departamentuak eskainitako datuek diote maila ekonomiko altuko 10.000 udatiar jasotzen zituela orduan hiriak, eta bisitarien artean izan ziren, besteak beste, Erresuma Batuko Victoria Erregina, edota Elisabet Bavariakoa Austriako enperatriza. Aristokrata ingelesak ziren gehienak, eta, hain zuzen ere, ingelesek sortu zituzten 1888an Miarritzeko lehen golf zelaia, Golf du Phare, eta lehen zaldi lehiaketak. Ospe hori aprobetxatuz, udal kasinoa ere eraiki zuten 1901ean, Art Déco ikonoetako bat eta Miarritzeko ikur nagusienetarikoa.

Miarritzeko hondartzan bainulariak, 1923an | Argazkia: Ricardo Martin/Kutxateka
Miarritzeko hondartzan bainulariak, 1923an | Argazkia: Ricardo Martin/Kutxateka
Halako kategoriako bisitariek goi-mailako jostunak ere erakarri zituzten, eta Hermès, Lanvin, Cristobal Balenciaga, Paco Rabanne, Poiret, edota Coco Chanel Miarritzen izan ziren jantzi dotoreekin luxuzko festetara joan nahi zuten bezeroak in situ janzten. Hala, Jeanne Lanvin diseinatzaile frantsesaren pieza bakarreko lehen bainujantzia Miarritzen diseinatu eta sortu zen, eta Chanelen lehen jantzi tailerra ere bertan ireki zen. Garai onak ziren Miarritzerentzat, eta halaxe hartu zuen Belle Époque izena ere.

Distira hedatuz

Bigarren Mundu Gerraren zorigaitza pasata, Miarritzek bere xarma berreskuratu zuen, batez ere Cuevasko markesaren jai dotoreei esker, eliteko jendea erakarri baitzuten etengabe: Egiptoko Farouk, Errumaniako Michel, Jugoslaviako Pierre. Baina baita zinemako izarrak ere: Rita Hayworth, Frank Sinatra, Gary Cooper, edota Bing Crosby.

Geroago, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, eraldatzen ari zen gizartearen beharrei erantzuteko jarduera berrien garapenari ekin zion Miarritzek. Pixkanaka, udako eta jaietako norakoaren irudia dibertsifikatzen hasi zen, urte osoan zehar negozio eskaintza garatzeko. Estrategia arrakastatsua izan da, hiriko turismo departamentuaren arabera, Miarritze Frantziako sei negozio norako nagusienen artean kokatzen baita egun.

Nobleziako gizon talde bat Miarritzeko kasino ondoan, 1919an Ricardo Martin/Kutxateka
Nobleziako gizon talde bat Miarritzeko kasino ondoan,1919an | Argazkia: Ricardo Martin/Kutxateka

Aldi berean, 1957an surfa Hawaiitik hedatzen hastearekin batera, Miarritzeko hondartzetara ere iritsi zen, bertako olatuak nazioartean ospetsu bilakatuz. Kirol horri lotutako zenbait enpresa ezagunek saltokiak ireki zituzten hirian, Quiksilverrek, Roxyk, Billabongek edota Rip Curlek, besteak beste.

Garai hartan lortutako ospeak indarrez jarraitzen du oraindik ere Miarritzen. Turismoaz gain, hainbat eta hainbat ekitaldi jaso ohi ditu urtean zehar, izan ekonomikoak, kulturalak zein politikoak, nazio mailakoak zein nazioartekoak.

Turismoaz gain, hainbat eta hainbat ekitaldi jaso ohi ditu urtean zehar, izan ekonomikoak, kulturalak zein politikoak, nazio mailakoak zein nazioartekoak. Horren adibidea da 2019ko abuztuaren 24tik 26ra hirian izan zen G7aren gailurra

Horren adibidea da 2019ko abuztuaren 24tik 26ra hirian izan zen G7aren gailurra, Hotel du Palais ospetsuan egin zena. Bestelakoan, Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia (FIPADOC), Miarritzeko Zinema Latinoamerikarraren Jaialdia, edota La Temps d’aimer la Danse dantza jaialdia ere izaten dira hirian, mundu osotik etortzen diren artistez osatuak.

Gauzak horrela, 170 urte geroago ere, hiriak asmatu du nazioarte mailako arrakasta eta distira mantentzen. Berezitasun horiek guztiek definitzen dute Miarritze, munduari irekita dagoen kostaldeko euskal hiria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK