Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak argi berdea eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 eta A-15 errepideetan kamioiei ezarritako bidesariari. Hala, Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioak jarritako helegitea ia guztiz baztertu du Auzitegi Nagusiak.
Fenadismer berak ohar bidez jakinarazi duenez, helegitearen puntuetako bat onartu dio Auzitegiak, gutxien kutsatzen duten ibilgailu astunentzat deskonturik aurreikusi ez zuela eta foru arauak Europakoa urratu zuela ebatzi baitu. Hala ere, puntu hori zuzendu egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduan, eta ondorioz epaiak ez luke ondorio praktikorik izango.
Urtarrilean hasi zen kanona kobratzen Aldundia, justiziak 2018an eta 2021ean ezarri zituenak baliogabetu ostean. Foru arauaren arabera, motor eraginkorrak dituzten kamioiek %15-25 bitarteko deskontuak izango dituzte, betiere motorraren motaren tipologiaren arabera, eta deskontu horri maiztasunarena gehituko zaio urrian, %13rainoko deskontuak iragarri baititu.
Garraiolarien elkarteek, aldiz, Gipuzkoako bidesariak Europako garestienetakoak direla salatu dute. Alemaniaren aldean %30-40 altuagoak eta Belgikakoak baino %50 garestiagoak direla adierazi dute. Horietan errenta maila hemengoa baino altuagoa bada ere.